Madeleine de Jaureguiberry, emazte engaiatua



2023an, Urdiñarbe herriari dagokio, Zuberoako herri batek urte guziez  ematen duen udako pastorala aurkezteko ohorea.

 « Sibastarrak », Aloze-Ziboze-Omizegañia herrian kokatu Sibasia etxekoak, eta berezikiago hauetako bi, Jean de Jauréguiberry eta Madeleine haren arreba, ditu iturri, hemen bere lehen pastorala idatzen duen Maritxu Neguelouak.

Bigarren aldia da Madeleine de Jaureguiberry argira ekarria dela pastorala batean,  Eskiula herriak 2000an eman Pier-Paul Berzaitzerenaren ondotik.

Honela, kari horretara, erabaki dugu  pertsonai honi leku handiagoa ematea, honen testu batzuk baitauzkagu bildurik Baionako Euskal Museoan.

  • Bizi bat Zuberoa eta Argentinaren artean

1884an sortua, bederatzi haurrideko hirugarrena da Madeleine. Alexis de Jaureguiberry, Zuberoan sortu haren aita, Argentinara lan egitera joaten da 16 urtetan. Hogoi urtez gogorki lan egin ondoren, ongi plantaturik eta familia bat sortzeko gogoarekin, Zuberora sartzen da, Dorothée Erbin, Sibaseko emazte gaztearekin ezkontzeko. Laster, Jean, Arnaud eta Madeleine lehen hiru seme-alabak sortzen zaizkie. Argentinara itzultzen da orduan familia. Ondoko urteetan, Zuberoan, bi kontinenteen arteko joan-etorriak eginen baitituzte ahaide batzuek, Madeleine tarteko, familiaren amarra puntua bilakatuko den Sibasia etxea erosteko parada badu Alexisek. 

1914an, gerla hasten delarik, Argentinan zenbait urte iragan ondotik, Frantziara sartzen da emazte gaztea, eta erizain gisa engaiatzeko. 1918an, haren aita Sibasian hiltzen da. Madeleine ordduan betirako plantatzen da familako etxean.  

Euskal Herriratzean, militantzia bizi bat abiatzen du Sibastarrak. Izan ere, euskara eta euskal kulturaren defentsa eta transmisioaren alde mugituko da bizi osorako, izan eskualerrista mugimenduaren baitan, espainol gerla zibilak erbesterarazi Hegoaldeko errefuxiatuen defentsan  edota ere euskara eskolan irakatsia izateko eraman borrokan.

 

  • Eskualerrista mugimendua eta Begiraleak-en sortzea

1932an, « Euskalerrista » mugimendua bilakatuko denaren lehen bilkurak burutzen dira Donibane Lohizunen.  Piarres Lafitte Apeza da « Jainkoa eta lege zaharra », erran nahi baita defenditu eta sustatu nahi dituen erlisio katolikoa eta euskal tradizioa (besteak beste euskara), lematzat duen mugimendu honen buruan. Aintzina mugimenduaren aldizkaria laster sortuko du. Hiri horretan plantatua den Jean, haren anaiari esker, ezagutzen du mugimendu hau Madeleinek. Orduan da zinez ohartzen euskal nortasunaz eta euskal tradizioez eta, ondorioz, hauen defenditu eta transmititzeko beharraz.

Mugimenduan parte hartzen du ere eta, 1934tik aitzina, Juanes Basaburu izengoitiarekin zuberotarrez idazten du Aintzina aldizkarian.

Gainera, Begiraleak emazte mugimendua sortzen du Piarres Lafitterekin, « fedea, euskara eta traddizioak » ondoko belaunaldiei helarazi behar zaizkien zutabeen begiraleak baitira emazteak. 

Piarres Lafittek du emazte mugimendu hau, 1922an, Hegoaldean sortu Emakume Abertzale Batza ereduari jarraikiz sortzeko ideia. 

Laster, antzerki emanaldiak euskaraz, Euskal Herria gaitzat duten hitzaldiak, euskarazko klaseak Donibane Lohizuneko eskola libreetan, bai eta Gure etchea haien egoitzaren baitan proposatzen dituzte « begiraleek ».

Eskualzaleen Biltzarrak, euskara daraman ekintzan ere jarduten du Begiraleak taldeak. 

 

  • Hegoaldeko « anaien » defentsa Espainiako gerla zibilaren garaian

Espainiako gerla zibilaren garaian, biziki katolikoa den Iparraldeko biztanleen zati handi batek Hegoaldeko euskal nazionalistak, haien iritziz, komunistekin bat eginez borrokatzen direlako « gorriak » daitezkeelakoan, baztertzen dituelarik, « estimatzen eta miresten ditudan nire anaiak »1 deitzen dituenak sostengatzen ditu Madeleine de Jaureguiberryk. Alabaina, José Migel Barandiaranen gisara, Iparraldean errefuxiatuak diren Euskal Herritar batzuekiko duen aidiskidetasunari esker, egoera ongi ulertu ahal izan du. Honela, etsai berdinak erasotu dituelako dira Euskal Herritarrak komunisten ondoan borrokatzen, eta ez iritzi politiko berdinekoak direlako.

Baliabide desberdinak baliatzen ditu iritzi publikoari erakusteko Hegoaldeko euskal herritarrak katoliko sutsuak direla: artikuluak idatziz edo iritzi hau defenditzen duten kazetak Frantzia osoan dauden berriketari ugariei igorriz. Ez du zalantzarik Pariseraino joateko, paristar kazetari eta intelektual giristino batzuk (François Mauriac hauen artean)  konbentzitzeko, frogak erakutsiz, eta Hegoaldeko euskal herritarrak giristinoen artean lehengoratzeko eta haien erbestean sostengatzeko. Erromara joaten da ere, Betiereko hirian erbestean zegoen Mateo Mugica, Gasteizko Apezpikuarengana, haren sostengua publikoki adieraz dezan. 

 

  • Euskara eskolan irakatsi

1906an, Paueko goi-mailako eskolan diploma lortu ondotik, bere aita Argentinara laguntzen du Madeleinek eta bertan frantseseko klaseak ematen dizkie Buenos Aireseko haur pobreei. Ondotik, kurtso pribatu bat antolatu eta bere ahizpak Zuberoatik etorrarazten ditu, eginkizun horretan laguntza ekar diezaioten. 

Euskal Herrira itzultzean, Zuberoako eskola katolikoetan irakasten du, euskara lehen mailan irakasten hasteko asmoarekin. Eta asmo hau Iparralde osoan hedatu nahi luke ere. Izan ere, emazteak, fedea, euskara eta euskal kulturaren begiraleak badira ere, eskolak bere aldetik badu zer egiteko ere transmisioan. « Begiraleen » presidente gisa Hezkunde Nazionaleko ministroari, 1947an igortzen dion gutunaren kopia atxikitzen dugu Euskal Museoan, bai eta erantsi dituen hainbat testu, berak hezkuntza munduko kide batzuei (Fabien Hastoy, M. DarrIère eta J. Abadie zuberotar errienteak, A. Etchart Paueko goi-mailako eskolako zuzendaria edota ere Henri Gavel hizkuntzalaria)2 eskatutakoak. 

Ikasleak euskaraz ikasiz frantsesa hobeki menderatuko duela da protagonista desberdin hauek defenditzen duten argudioa. Alabaina, Hezkuntza Nazionaleko ministroari igorri dio gutunean, honela azaltzen du Madeleinek: «zerbait ukaezina da gaur egun: haurrek eskolan ikasi frantsesa andeatzen da argotarekin, degradazio berdina gertatzen ez delarik euskara mintzatzearekin; honela, baserri guneetan, eskolan ikasia izan den frantsesa garbiagoa da hiri guneetan baino, bertan euskarak argotez nahasiriko frantses popularrari lekua utzi baitio »3

1951n, Frantziako tokiko hizkuntzen hautuzko irakaskuntza baimentzen duen Deixonne legea bozkatua da. Baina irakasleen borondate onaren menpe dago. 

Honela, haien laguntzeko, irakaskuntza euskaldunei eta ez euskaldunei zuzendua zaien euskal metodoa sortzen du Madeleinek, ikasleek ahozkatzea aditzeko eta, ondorioz, errepikatzeko parada ematen dieten diskoak erabiliz. Kantuez, alegiez eta aditz joko ariketaz osatu disko bat, haren diru propioz ordainduz, argitaratzen du. Frantses bertsioko ariketa baterako oinarri gisa baliatuak dira kantu eta alegietako testuak. Euskara eta frantsesa uztartzen ditu beraz metodo honek.

1959an, Euskal Museoan burutzen diren euskararen irakaskuntzaren aldeko pedagogia egunetan parte hartzen du Madeleinek. Egun hauek baliatzen ditu bere diskoaren bidezko metodoa aurkezteko. Bilkura honen ondorioz sorrtzen da, euskararen irakaskuntza eskolan ahalbidetzea xede duen Ikas elkartea. Honen administrazio kontseiluan sartzen da Madeleine.

 

Bizi oso bateko lan honen omentzeko, Hzezkunde Nazionaleko Palma akademikoak lortzen ditu 1969an, euskal ondarearen aberastean egin sekulako ekarpenagatik. 1975ean, Euskaltzaindiko urgazlea hainbat urtez egon ondoren, erakunde honetako ohorezko kide gisa hartua da.

 

Bi urte berantago, 1977an, 93 urtetan, Atarratzen zendu da.

 

 

Huts egin ezinezkoa

2023ko uztailaren 30ean, agorrilaren 4 eta 6an, Urdiñarben eskaini Sibastarrak pastorala.

 

Bibliografia :

  • Madeleine de Jauréguiberry : Omenaldia-Hommage, Eusko Ikaskuntza, Lankidetzan bilduma (21), 2001 
  • Journées pédagogiques pour l’enseignement du basque à l’école, Gure Herria, numéro spécial, septembre 1959.
  • Pier-Pol Berzaitz, Madalena de Jaureguiberry pastorala, 2000
  • Pier-Pol Berzaitz, Madalena Jaureguiberry (1884-1977), Bidegileak, Eusko Jaurlaritza, 2000
  • Madeleine de Jaureguiberry, « Jacques Maritain », dans Gure Herria, 1973ko 3garrena, pp.184-188
  • Madeleine de Jaureguiberry, « Jacques Maritain et les basques», dans Gure Herria, 1973ko 6garrena, pp.349-366
  • Argia Olçomendy, « Madeleine de Jaureguiberry, pour une pédagogie de la langue basque », dans Spirale - Revue de recherches en éducation 2021/2 (N° 68), pages 83 à 93
  • Michel Oronos, Le mouvement culturel basque : 1951-2001, Elkar, 2002

 

Euskal Museoan begiratu Ms 270 funtsa

  • Lettre de Mademoiselle de Jauréguiberry, Présidente de "Begirale" mainteneuse de la langue et des traditions à Monsieur le Ministre de l'Education nationale pour la défense du français [et du basque]en Pays Basque (Ms 270-2)
  • [Note J. Abadie, institutrice à Alos-Sibas], [1947]
  • De l'utilisation possible et souhaitable de la langue basque dans l'enseignement du français, par les maîtres et maîtresses des écoles primaires du Pays Basque, par Fabien Hastoy, 1947
  • Défense du français au Pays Basque. [Note du M. Darrière , instituteur de Tardets
  • A propos de l'enseignement de la langue basque par Henri Gavel
  • Déclaration au sujet du basque et du français dans les écoles du Pays Basque par A. Etchart  [1947].
  • Les enfants qui parlent le béarnais, sont-ils handicapés dans les études secondaires ? par Denis Palu Laboureu [1947]
  • L' Enseignement au Pays Basque par Madeleine de Jaureguiberry [s.d.]

 

1. Jean-Claude Larrondek  Madeleine de Jaureguiberry : Omenaldia –Hommage, Eusko Ikaskuntza, 2001, obrako «Madeleine de Jauréguiberry et le mouvement eskualerriste. Son action dans la guerre civile » artikuluan ekarri hitzak. 

2. Baionako Euskal Museoan begiratu Ms 270 funtsa, ikus zerrenda gorago.

3. De Jaureguiberry andereak, « Begiraleen » presidenteak, euskara eta tradizioen begiralearen igorri gutuna, Hezkunde nazionaleko Ministro Jaunari frantsesaren defentsarako Euskal Herrian.