Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak sortutako proiektua
Donostia 2016ren baitan Donostia eta Saran aurkeztua erakusketa honek Eresoinka Enbaxada Kulturala omentzea du xede, euskal historia eta kultura Europan zabaltzeko egin zuen lanarengatik.
Gernika bonbardatu eta Bilbo galdu ostean, 1937. urtean, Eusko Jaurlaritzak Santander aldera jo zuen. Bertan, Jose Antonio Agirre lehendakariak gutun bat idatzi zion Gabriel Olaizola euskal musikariari, kultura-proiektu bat presta zezan euskal kultura-nortasuna gordetzeko eta hurbiltzen ari zen basakeriaren berri emateko.
Olaizolak garai hartako dantzari, musikari, abeslari eta artista plastiko onenak bildu zituen Saran; besteak beste, artean gazte zen Luis Mariano eta Pepita Embil (Plácido Domingoren ama). Ikuskizun bat prestatu zuen, Europa osoan barrena zabaltzeko.
Philippe Regnier-en ikerketa lanean oinarrituta eta Eresoinkako kide zen Jesus Eloseguiren argazkiak erabiliz, erakusketa honek erbesteratuek Europa osoan egin zuten bi urteko bira arrakastatsu hura nola bizi izan zuten erakusten digu. Dokumentazio grafikoaren, ikus-entzunezkoen eta garai hartako artikuluen bidez, Eresoinkak enbaxada kulturalaren erbesteko bizimodua erakutsiko du; gerra garaietako erbesteko bizimodua, alegia.