Hippolyte Sebron (1801-1879). Biarritzeko hondartza eta Jauregi inperiala. Olio margolana. 1860 inguru.

Bazetorren behin Miarritzeko traineru bat portura, balea-arrantzatik hutsik. Kapitaina eta gizonak isil-isilik zeuden, kopetilun. Halako batean, portu inguruko arroketara hurbiltzen ari zirela, arraunlariek kantu ezin ederragoa entzun zuten. Hondartza handiaren aldetik zetozen emakume-ahotsak ziren. Marinelek bazekiten han Arroka Zulatua zegoela; alegia, laminen bizilekua. Emakume ederrak ziren laminak, hanken ordez arrain-buztana zutenak. Arraunlariek, elkarri begira, eta bat-batean norabidea aldatu zuten, Arroka Zulaturantz. Kapitainak, konturatu orduko, oihu egin zien: 
- Ai, malerusak! Zer ari zarete? Ez entzuna egiezue ahots horiei.
Badakizue toki madarikatua dela hori!
Marinelek ez zuten obeditu, eta tinko eutsi zioten, kantua zetorren tokirantz. Kapitainak garrasi egin zuen: Agintzen dizuet: geldi oraintxe, eta segi berriro portura! Arroka horretan deabruzko izakiak bizi dira!
Arraunlariek burua biratu zuten, baina arraun egiteari utzi gabe. Arineketan zihoazen Arroka Zulaturantz. Orduan, kapitainak txapela erantzi eta, belauniko, otoitz egin zion Jainkoari, arrantza kaxkarrarengatik muturtu gizon haiek barka zitzan. Bazekien herioa zutela zain, baina behinik behin Infernutik libratzea nahi zuen. Zeru goienetik, Jainkoak kapitainaren otoitza entzun eta marinelen etsipena ulertu zuen. Ontasun hutsa izaki, ez zituen hiltzera kondenatu; baina, Jainkoaren legeari men ez egiteak zigorra merezi duenez, eskifaia osoa itsas bele saldo bat bilakatu zuen.